Elhuyar - Zientzia

 Kultura Zientifikoaren Elhuyar Laborategia

Hizkuntza:
eu
es
fr
en

"Komunikazioa lantzen ez duen zientzialaria arrakastarik gabeko zientzialaria da"John Durant

Nor gara

Elhuyar Fundazioaren proiektua da Kultura Zientifikoaren Elhuyar Laborategia, eta gizartean zientziarekiko jarrera aktiboa sustatzeko baliabideak lantzen ditu. Zientziaren, ikerketaren eta berrikuntzaren transmisioan parte hartzen duten profesionalentzako jarduerak egiten dira Laborategian. Administrari, komunikatzaile, ikertzaile, irakasle, hezitzaile eta enpresentzako bilgunea da Kultura Zientifikoaren Elhuyar Laborategia.

Web gune honetan, Laborategiak egindako ekintzei buruzko informazioa dago, baita zientzia eta gizartea ardatz dituzten dokumentu ofizialak, argitalpenak, bibliografia eta beste web guneetarako loturak ere. Hausnarketarako tartean, adituek proposatzen dituzte gaiak, eta ikuspegiak eztabaidatzeko aukera dute erabiltzaileek.

Zientzia gizarteratzeko plazan, komunikazioa hobetzeko giltzarria da Kultura Zientifikoaren Elhuyar Laborategia.

Arduraduna: Bego Zubia
b.zubia@elhuyar.com

Elhuyar Fundazioa

Elhuyar 1972an jaio zen, zientzia eta euskara uztartzeko helburuarekin. Eginbehar horri tinko eusteko, Elhuyar Fundazioa sortu genuen 2002an.

Elhuyar Fundazioaren IV. hausnarketa estrategikoan (2006-2009 urte bitartekoa), honela jaso dugu gure xedea:

Zientzia eta teknologia gizarteratzea eta euskararen garapena bultzatzea, eta, horretarako, euskal gizarteari kalitateko eta erreferentziako zerbitzu, tresna eta baliabideak eskaintzea, berrikuntza ardatz izanik eta hezkuntzaren alorrean jarduteko konpromisoa hartuta.

Elhuyar Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta bere helburuekin bat egiten duten bazkideen ekarpenei esker dihardu. Gure egitasmoak gizartean txertatzeko asmo irmoa du, eta, horretarako, euskal gizarteko hainbat eragile bildu ditu: enpresak, erakunde publikoak eta pertsonak. Horrekin lotuta, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (SARETEK) berrikuntzaren arloko erakunde bitartekaria da Elhuyar Fundazioa.

Elhuyar Fundazioak hiru sail ditu gaur egun, eta hauek dira bakoitzaren helburuak:

  1. Edizioak: material didaktikoa eta aisialdikoa sortzea edo/eta argitaratzea (liburuak; multimedia; sareko produktuak)
  2. Hizkuntza Zerbitzuak: Euskara garatzeko eta normalizatzeko hizkuntza-baliabide, tresna eta zerbitzuak sortzea eta eskaintzea (hiztegigintza, itzulpengintza, software-lokalizazioak, hizkuntza-kontsultak, hizkuntza-zuzenketak, hizkuntza-teknologien alorreko I+G+B)
  3. Zientziaren Komunikazioa: zientzia eta teknologia gizarteratzea eta gai horiekiko jakin-mina sortzeko baliabide eta zerbitzuak ematea.

Informazio gehiago: www.elhuyar.org
Harremanetarako: elhuyar@elhuyar.com

Zientziaren Komunikazioa

Hasieratik, Elhuyarren egiteko nagusietako bat zientzia eta teknologia gizarteratzea izan da; zientzian eta teknologian nonahi sortzen diren berriak euskal gizarteari helaraztea eta Euskal Herrian bertan nahiz kanpoan arlo horietan zer egiten den ezagutzera ematea. Zientziaren Komunikazioa sailean islatzen da helburu hori gaur egun, eta honela laburbiltzen dugu gure xedea: Zientzia eta teknologia gizarteratzea eta gai horiekiko jakin-mina sortzeko baliabide eta zerbitzuak eskaintzea

Langintza horrek fruitu asko eman ditu, eta hainbat dibulgazio-proiektu ditugu martxan gaur egun, garrantzitsuenak hauek:

  • Elhuyar Zientzia eta Teknika hilabetekaria
  • Zientzia.net, zientziari buruzko web gune orokorra
  • ZerNola.net, gaztetxoentzako zientziari buruzko web gunea
  • Basqueresearch.com, euskal ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren web gunea
  • Teknopolis telebista-saioa
  • Norteko Ferrokarrilla irratsaioa
  • Kolaborazioak hainbat komunikabidetan
  • CAF-Elhuyar dibulgazio-sariak
  • Hitzaldiak
  • Lehiaketak

Kanpo-zerbitzu espezializatuak ere ematen ditugu, betiere zientziaren dibulgazioan dugun eskarmentua eta jakintza oinarri hartuta.

Informazio gehiago: www.elhuyar.org
Arduraduna: Maria Gil
m.gil@elhuyar.com

Babesleak
Eusko Juarlaritza. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
Eusko Juarlaritza. Kultura Saila

elhuyar.org menua

Bilaketa bat egin

Copyright © 2008 Elhuyar Fundazioa | Lege-oharra

webmaster@elhuyar.com

Estandarrak eta irisgarritasuna